Mirentxu, Arriaga Antzokian

EMANALDI HONI BURUZ

Jesus Guridi (1886-1961) maisuen belaunaldian koka dezakegu, besteak beste, Julio Gómez (1886-1973) eta Conrado del Campo (1878-1973) maisuekin. Inoiz ez dago sobera haren obra ahaztuak gogora ekartzea. Gasteizko maisuaren zarzuelarik onena eta ospetsuena El Caserío izan zen, hainbat eta hainbat aldiz berriro emana. Amaya opera ere konposatu zuen, eta lehenago, 1910ean, Mirentxu zarzuela, “idilio lírico vasco en 2 actos” azpititulukoa. Harekin, bere lurreko antzerki lirikoaren urrezko garaia hasi zuen egileak. Guridiren arabera, Mirentxu zen bere obrarik onena, 22 urterekin “engainurik gabe egina”. Euskal folklorea ondo ezagutzen zuen, eta horri esker, zalantzarik gabe, zuzen estilizatutako esamolde herrikoiz betetako partitura bat lortu zuen, aniztasun melodikoa eta oso orkestazio aberatsa goraipatzekoak dituen osotasun batean. Obrak zorroztasun eta oreka falta ditu, baina freskotasuna eta naturaltasuna sobera ditu. Musikak erraz antzematen den jarioa du.

Alfredo Etxabek egin zuen libretoa. Gertakizunak baserri-giroan kokatu zituen, eta Mirentxuk bere lehengusu Raimundogatik sentitzen zuen maitasuna kontatzen du. Istorioa Errotatxikin gertatzen da, burdinola zahar baten hondarren ondoan dagoen errota batean. Baina maitasun hori goibeldu egiten da, Raimundo eta Presen –Mirentxuren lagunik onena– elkarrekin maitemintzen baitira. Protagonistaren heriotzarekin amaitzen da dilema. Hori da zarzuelaren jatorrizko argumentua. Orain, Bilboko Arriaga Antzokian emango dute, horrelako gaietan trebea den Emilio Sagi antzokiko titular artistikoaren eszena-zuzendaritza berrituarekin. Adierazi beharra dago Jesus Maria Arozamenak 1947an Ramon Lazkano musikagileak prestatutako edizio baterako aldatu zuen libretoa erabiliko dela; berme bat, zalantzarik gabe.

NON: Arriaga Antzokian
OBRA: Mirentxu
DATA: 06/2010.

 

Madama Butterfly, Sydneyko Operan
Dukesa Handia, Zarzuela Antzokian